BIK TRI 2024

III. Bikote mistoen triatloi herrikoia

Irailak 28, larunbata
16:00
Zarautz
  • Distantzia: 350 m – 7 km – 2,250 km.
  • Emakume eta gizonezko batez osatutako bikoteak. Bikoteak elkarrekin joan behar du proba guztian zehar.
  • 14 urtetik gorako edonork hartu dezake parte (<2010).
  • Triatloi lizentzia ez da beharrezkoa eta lizentzia dutenek ere osatu dezakete bikotea.
  • Irteera 10 bikoteko taldeetan emango da,  minutu bateko tartearekin irteera batetik bestera.
  • Proba hasiera: lehen taldea 16:00ean hasiko da, eta azkenengoa 16:25ean.
  • Parte hartzaile bakoitzaren denborak txiparen bitartez kontrolatuko dira.
  • Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).
  • Helmugan partaideentzat anoa gune bat egongo da, ura, freskagarri, fruitu lehor, fruitu fresko eta parrillan erretako pintxoak, partaide zein ikusleentzat.
  • Parte-hartzaile guztiek kutixi-poltsa bat izango dute hainbat produkturekin, eta horietako batzuek, zozketa bidez, sari bereziak jasoko dituzte.

1 emakume, 1 gizonezko

Gizonezko adina emakume bilduko dituen lehen triatloia

Ibilbidea

Igeriketa (350 m)

Zarauzko moilatik Munoa plaza parera. Moilako irteeran, Amabirjinaren parean, uretatik emango da irteera. Hamar bikote aldi bakoitzean, minutu bateko aldearekin. Taldeak aurrez ezarriak egongo dira. Itsasoan, moilatik 150 metro ingurura buia bat jarriko da. Hura eskuin aldean utzi eta hondartzarantz jo beharko dute igerilariek. Munoa plaza parean, hondartzan kokatuta egongo diren banderolak pasa eta eskailerak igoaz trantsizio gunera joan beharko dute.

Bizikleta (7 km)

Munoa plazatik N634 errepidean Getariarantz. Iturritxikin buelta eman eta N634 errepidean barrena, Zarauzko Munoa plazara. Buelta bakarra. Zirkuitua trafikora itxita egongo da. Hasiberrientzat diseinatutako ibilbidea da, aldaparik gabea Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).

Korrika (2,250 km)

Zarauzko hondartzako pasealekuan. Munoa Plazako eskailerak jaitsi eta itsas pasealekua zeharkatuz Argiñano jatetxeraino joan, Pergolan buelta eman eta Duke parean (Belantzaran plaza) amaituko da lasterketa.

ADI!
Dortsal zenbakiak izen-emate ordenaren arabera zehaztuko dira, eta irteerek segida bera jarraituko dute. Irteera bakoitzean 10 bikote aterako dira, irteera batetik bestera 60 segundoko tartearekin.
Parte hartzaile bakoitzaren denborak txiparen bitartez kontrolatuko dira.

Ibilbidearen planoak

B plana: Duatloi Herrikoia

Itsasoaren egoera txarrak hala behartuz gero edota uraren tenperatu 14 gradu azpikoa bada igeriketako zatia kendu eta proba duatloi herrikoi batean bilakatuko litzateke. Erabakiaren berri antolakuntzak egunean bertan emango luke.

Irteera Munoa azpitik, itsas pasealekutik, 20 bikoteko tandetan:

  • Korrika 1. Itzulia: Munoa – Dama – Munoa (1,5 km)
  • Bizikleta: Munoa – Iturritxiki – Munoa (7 km)
  • Korrika 2. Itzulia: Munoa – Beraza – Helmuga (1,8 km)

Festa giroa

Probaren ezaugarriek bide ematen dute festa giroa nagusitzeko.

  • Izaera ez lehiakorra, podiumik gabe.
  • Zailtasun eza eta distantzia laburrak, triatloi proba bat lehen aldiz osatzeko aukera bikaina.
  • Binaka osatu beharrekoa, lagun, bikote, familiarteko proba bilakatuz.

Probak ez du podiumik, triatloi batean parte hartze hutsak saria merezi duela uste bait dugu, beraz, parte hartzaile guztiek sari berdina jasoko dute, kutixi poltsa eta produktuen zozketa.

Helburua: triatloia probatzera animatzea eta batipat ondo pasatzea.

Zatozte triatloiaren festara!

Araudia

Proban izena emateak probaren araudia onartzea dakar.

  1. Triatloi proba hau Euskadiko Triatloi Federazioaren araudiaren araberakoa da.
  2. Bizikletako ibilbidean errepidea trafikoari itxita egongo da larunbat arratsaldean, 16:00-17:30.
  3. Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).
  4. Uraren tenperatura 22 gradutik gorakoa bada, debekatuta egongo da neoprenoarekin igeri egitea. Uraren tenperatura 15,9-22 gradu bitartekoa bada, hautazkoa izango da neoprenoa janztea eta urak 15,9 gradu baino gutxiago baditu, derrigorrezkoa izango da.
  5. 2010 urtean edo lehenago jaiotako edonork hartu ahal izango du parte proban.
  6. Bikote ezberdinen artean draftin-a onartuko da.
  7. Bikoteko bi kideek elkarrekin burutu beharko dute proba. Trantsizio gunetik beti elkarrekin atera beharko dute.
  8. Antolatzaileek ibilbidea egokitzeko eskubidea izango dute eta baita proba neutralizatzekoa, baldintza meteorologikoek edo bestelako ezustekoak horretara behartuz gero. Itsasoaren egoera txarrak hala behartuz gero, igeriketako zatia kendu eta proba duatloi herrikoi batean bilakatuko litzateke.
  9. Antolatzaileek partaidetza onartzeko eskubidea izango dute.
  10. Antolatzaileek partaide edo ikusleei sorturiko kalte moral eta materialen ardura ez dute eurengan hartzen.
  11. Partaide guztiei probaren inguruko informazioa helaraziko zaie eta informazio puntu bat ere jarriko da edozein zalantza argitzeko.
  12. Irteerak bikoteka emango dira, aldi bakoitzean 10 bikote aterako direlarik. Minutu bateko aldearekin emango dira irteerak.
  13. Bikote bakoitza emakume eta gizonezko batez osatuak egongo dira.
  14. Parte hartzaileen arteko aldaketa ez da onartuko. Izen ematea pertsonala eta transferiezina da.
  15. Bizikletako zein korrikako atalean nikia edo tritrajea janztea beharrezkoa da. Ezin da soina biluzik eraman.
  16. Parte hartzaileak trantsizio gunean uzten duen material guztia kaxan sartuta utzi beharko du.
  17. Arropa zaindegian poltsak uzteko garaian, poltsetan baliozko edo apurkorrak diren objektuak ez sartzea aholkatzen du antolakuntzak. Objektu horiei zerbait gertatuz gero, antolakuntza ez da arduradun egingo.
  18. Bikotea osatzen duten bi partaideek dortsal zenbaki bera eramango dute.
  19. Talde guztiek bizikleta ibilbidea 17:30etarako amaituta eduki beharko dute. Hortik aurrera, ez da denbora mugarik ezarriko.

Programa

Irailak 28, larunbata, 16:00etan Zarautzen

Dortsal banaketa

  • 11:30 – 15:30, Itsas pasealekuan (Duke-Enean parean), informazio puntuan.

Derrigorrezkoa da nortasun agiria aurkeztea.

Boxeak

  • 14:00-15:45 Materiala boxeetan uzteko denbora-tartea

Bertan sartzeko NAN-a aurkeztu beharko da, markaketa eginda izan beharko duzue, eta dortsala prest.

Markaketa

  • 14:00-15:45, boxeen sarreran partaide bakoitzari bere dortsal zenbakia ezker besoan eta hankan markatuko zaio, eta txipa emango zaio. Gogoan izan txipa helmugan itzuli behar dela.

Arropa zaindegia

  • 14:00-18:30, Munoa plazaren azpian, Narros Jauregiaren ondoan.

“Triatletaren poltsa” jasotzeko garaian partaide guztiei zinta itsaskor bat emango zaie norbere gauzak sartuko dituzten zorroan ipini ahal izateko.

Triatloian hasteko proba ezinhobea

Triatloian hasi berria bazara eta oinarrizko kontzeptuak jakin nahi badituzu, informazio hau lagungarri izango zaizu: https://www.triatloiamaitedut.eus/triatloi-eskola/

Jakin beharrekoak

Prestatu proba datozen 12 astetan

12 asteko entrenamendu taulak eskaintzen dizkizugu, Super Sprint distantziako proba hau prestatzeko oraintxe duzun forma fisikotik abiatuta, Triatloia Maite Dut egitasmoaren eskutik.

KONTSULTATU ENTRENAMENDU TAULAK→