Bikote mistoen triatloi herrikoia

  • Distantzia: 350 m – 7 km – 2,250 km.
  • Emakume eta gizonezko batez osatutako bikoteak. Bikoteak elkarrekin joan behar du proba guztian zehar.
  • 14 urtetik gorako edonork hartu dezake parte (<2008).
  • Triatloi lizentzia ez da beharrezkoa eta lizentzia dutenek ere osatu dezakete bikotea.
  • Irteera 5 bikoteko taldeetan emango da, 30 segunduko tartearekin irteera batetik bestera.
  • Proba hasiera: lehen taldea 12:30ean hasiko da, eta azkenengoa 12:50ean.
  • Anoa-gune bat egongo da, helmugakoa, eta parte-hartzaile guztiek triatletaren poltsa jasoko dute.
  • Parte hartzaile bakoitzaren denborak txiparen bitartez kontrolatuko dira.
  • Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).

1 emakume, 1 gizonezko

Gizonezko adina emakume bilduko dituen lehen triatloia

Ibilbidea

  • Igeriketa (350 m): Zarauzko moilatik Munoa plaza parera. Moilako irteeran, Amabirjina eta Tranpolinaren artean, uretatik emango da irteera. Bost bikote aldi bakoitzean, 30 segunduko aldearekin. Taldeak aurrez ezarriak egongo dira. Itsasoan, moilatik 150 metro ingurura  buia bat jarriko da. Hura eskuin aldean utzi eta hondartzarantz jo beharko dute igerilariek. Munoa plaza parean, hondartzan kokatuta egongo den arkupetik pasa eta eskailerak igoaz trantsizio gunera joan beharko dute.
  • Bizikleta (7 km): Munoa plazatik N634 errepidean Getariarantz. Iturritxikin buelta eman eta N634 errepidean barrena, Zarauzko Munoa plazara. Buelta bakarra. Zirkuitua trafikora itxita egongo da. Hasiberrientzat diseinatutako ibilbidea da, aldaparik gabea. Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).
  • Korrika (2,250 km): Zarauzko hondartzako pasealekuan. Munoa Plazako eskailerak jaitsi eta itsas pasealekua zeharkatuz Argiñano jatetxeraino joan, Pergolan buelta eman eta berriz Munoarantz. Nautiko taberna parean dagoen arranpa igo eta Munoa plazan amaituko da lasterketa.

ADI! Dortsal zenbakiak izen-emate ordenaren arabera zehaztuko dira, eta irteerek segida bera jarraituko dute. Irteera bakoitzean 5 bikote aterako dira, irteera batetik bestera 30 segunduko tartearekin.
Parte hartzaile bakoitzaren denborak txiparen bitartez kontrolatuko dira.

Festa giroa

Proba motza izango da, 12:30ean hasi eta guztiak 14:00etarako parrillada bat egiten ariko gara. Eta ez ahaztu zozketa erraldoi bat prestatzen gabiltzala guztien artean banatzeko.

Ibilbidearen planoak

Igeriketa
T1
Bizikleta
T2
Korrika

Triatloian hasteko proba ezinhobea

 

Triatloian hasi berria bazara eta oinarrizko kontzeptuak jakin nahi badituzu, informazio hau lagungarri izango zaizu:
https://www.triatloiamaitedut.eus/triatloia/

 

Zer material behar dut triatloia egiteko?

 

Araudia

  1. Triatloi proba hau Euskadiko Triatloi Federazioaren araudiaren araberakoa da.
  2. Bizikletako ibilbidean errepidea trafikoari itxita egongo da.
  3. Errepideko zein mendiko bizikletarekin hartu daiteke parte (elektrikoak debekatuta daude).
  4. Uraren tenperatura 22 gradutik gorakoa bada, debekatuta egongo da neoprenoarekin igeri egitea. Uraren tenperatura 15,9-22 gradu bitartekoa bada, hautazkoa izango da neoprenoa janztea eta urak 15,9 gradu baino gutxiago baditu, derrigorrezkoa izango da.
  5. 2008 urtean edo lehenago jaiotako edonork hartu ahal izango du parte proban.
  6. Bikote ezberdinen artean ez da draftin-ik onartuko. Bikoteko bi kideek elkarrekin burutu beharko dute proba. Trantsizio gunetik beti elkarrekin atera beharko dute.
  7. Antolatzaileek ibilbidea egokitzeko eskubidea izango dute eta baita proba neutralizatzekoa, baldintza meteorologikoek edo bestelako ezustekoak horretara behartuz gero. Itsasoaren egoera txarrak hala behartuz gero, igeriketako zatia kendu eta proba duatloi herrikoi batean bilakatuko litzateke.
  8. Antolatzaileek partaidetza onartzeko eskubidea izango dute.
  9. Antolatzaileek partaide edo ikusleei sorturiko kalte moral eta materialen ardura ez dute eurengan hartzen.
  10. Partaide guztiei probaren inguruko informazioa helaraziko zaie eta informazio puntu bat ere jarriko da edozein zalantza argitzeko.
  11. Irteerak bikoteka emango dira, aldi bakoitzean 5 bikote aterako direlarik. 30 segundoko aldearekin emango dira irteerak.
  12. Bikote bakoitza emakume eta gizonezko batez osatuak egongo dira.
  13. Parte hartzaileen arteko aldaketa ez da onartuko. Izen ematea pertsonala eta transferiezina da.
  14. Bizikletako zein korrikako atalean nikia edo tritrajea janztea beharrezkoa da. Ezin da soina biluzik eraman.
  15. Parte hartzaileak trantsizio gunean uzten duen material guztia kaxan sartuta utzi beharko du.
  16. Arropa zaindegian poltsak uzteko garaian, poltsetan baliozko edo apurkorrak diren objektuak ez sartzea aholkatzen du antolakuntzak. Objektu horiei zerbait gertatuz gero, antolakuntza ez da arduradun egingo.
  17. Bikotea osatzen duten bi partaideek dortsal zenbaki bera eramango dute. Bi partaideek elkarrekin egin beharko dute ibilbide guztia.
  18. Lasterketako denbora mugak: igeriketako ibilbidea amaitzeko, azken irteera eman denetik 15 minutuko tartea egongo da eta bizikletako ibilbidea amaitzeko, azken irteera eman denetik 45 minutuko tartea.

Proban izena emateak probaren araudia onartzea dakar.


 

Programa

Dortsal banaketa

  • Urriak 7, ostirala, 18:30-20:00 Arazi bulegoan, Nafarroa 37B, Zarautz (Euromar dorrean)
  • Urriak 8, larunbata, 9:30-11:45 Munoa plazan.

Derrigorrezkoa da nortasun agiria zein izen ematearen ziurtagiria aurkeztea.

Boxeak

  • 10:00-12:00 Materiala boxeetan uzteko denbora-tartea

Bertan sartzeko NAN-a aurkeztu beharko da eta zenbakiak eta dortsalak prest eduki beharko dira.

Markaketa

  • 10:00-12:00: boxeen sarreran, sartu aurretik, partaide bakoitzari bere dortsal zenbakia ezker besoan eta hankan markatuko zaio.

Arropa zaindegia

  • 10:00-14:30 : Munoa plaza azpian.

“Triatletaren poltsa” jasotzeko garaian partaide guztiei zinta itsaskor bat emango zaie norbere gauzak sartuko dituzten zorroan ipini ahal izateko.


Izen-ematea baliogabetzeko politika

Irailak 9a baino lehen baja ematen duenari 17,5€ itzuliko zaizkio. Egun horretatik aurrera ez da inolako itzulketarik egingo.

Antolatzailearenak ez diren arrazoiengatik proba bertan behera uzten bada (arrazoi meteorologikoak, agintariek hala aginduta, covid egoera, etab.), ez da dirua itzuliko.

HARREMANETARAKO: info@niktri.eus

INFORMAZIO GEHIAGO: www.niktri.eus

Izen-emate guztiak bete dira. Aupa!

35 euro/bikote, 17,5 euro pertsonako.
(Abuztuak 31 arte)

45 euro/bikote, 22,5 euro pertsonako.
(Urriak 3 arte)

Lo egiteko leku bila al zabiltza?

Gran Camping Zarautzek eskainitako glanpina probatu edo zure furgonetatik ilunabarraz disfrutatu, urte osoan zehar zabalik: https://www.grancampingzarautz.com/