Blogeko berriak

Blogeko berriak

nik tri hitzaldia txurrukan

Triatloiaren harrobia bizi-bizirik eta indartsu datorrela argi gelditu zen atzo Txurrukan

No hay comentarios Sin categoría

Nik Tri-k eta Kutxa Fundazioaren #izanezberdin ekimenaren barnean antolaturiko VIII. Kirol Udalekuak Txurrukan-en barne, oso hitzaldi interesgarria ospatu zen atzo (irailak 3), bertan dabiltzan 66 gazteek etorkizunean baliagarriak gertatuko zaizkien aholkuak jaso zituztelarik.

Izan ere, mahai-inguru formatuan garaturiko hitzaldiaren protagonistak Nik Tri #Izanezberdin Udalekuen aurreneko edizioetan partaide izandako gazteak izan ziren, ordutik buruturiko ibilbidearen berri eman baitzuten. Triatloiaren bitartez bizitako une gozoak, topaturiko zailtasunak, taldekideen garrantzia, emakumearen egoera, erronka berriei aurre egiteko ilusioa… Usoa Ostolazak, Unai Zabalak, Xabi Nanclaresek eta Lide Eizaguirrek aipaturikoei adi-adi egon ziren aurtengo udalekuetan parte hartzen ari diren gaztetxoek, haien ikuspegia oso gertukoa gertatzen baitzaie.

Euren bizitzan triatloia oso garrantzitsua dela nabarmendu zuten lau gazteek, bakoitzak ikuspegi jakin batean azpimarra egin zuelarik. Hala, Usoak argi dauka “maila batetik aurrera zailtasun ekonomikoekin topo egiten dela, profesionala izatea ia ezinezkoa dela eta, ondorioz, lehentasuna ikasketek dutela”. Emakumearen egoeraren inguruan ere ez da baikorregia, izan ere “nahiz eta joera aldatzen ari den, emakume gutxi daude oraindik zirkuituan, eta horrek berriak ez animatzea dakar”.

Unaiek, ordea, triatloian aritzeko oinarrizko osagaiak zeintzuk diren azaldu zuen: “gogoa eta entrenamendua, konstantzia, berezko dohainak edo gaitasuna baino garrantzitsuagoak dira” eta “ingurukoaren babesa, familiarena zein taldearena” ezinbestekotzat jo zituen.

Lidek triatloiaren bitartez lagunak egiteko aukera goraipatu zuen: “triatloiak eman didan gauzarik onena lagun berriak dira, taldekideak” esatearekin batera “talde barruan adin desberdintasuna handia dago, baina entrenatzerako garaian denak gara bat eta berdinak” gaineratu zuen.

Azkenik, Xabik, “neguan igeriketan zentratuz eta udara gerturatzean korrika eta bizikleta landuz” igeriketa eta triatloia uztartzen dituela azaltzeaz gain, lehen denboraldia izanik, ezinbestekoa egin zaiola “entrenamenduekin aholkularitza jasotzea” aipatu zuen. Guztiaren gainetik, ordea, erronka berriei aurre egiteko duen ilusioa islatu zuen : “larunbat honetan dut nire lehen triatloia Zumaian eta helburua proba bukatu eta esperientzia hartzen joatea da”.

hitzaldia txurrukan

Dena dela Txurrukako VIII. Kirol udalekuak aurrera doaz, ostiralean ospatuko den gazte eta helduentzako triatloiak amaiera emango dielarik. V. Aia-Orio Triatloia 14:30etatik aurrera Orioko Txurruka aterpetxearen inguruan ospatuko da, eta 7 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du bertan. Hala, adin bakoitzari egokituriko distantziak osatu beharko dituzte partaideek, gaztetxo eta helduek lehenengo aldiz triatloi batean izen emateko aukera paregabea topatuko dutelarik. Gainera, jai-giroa izango da nagusi, musika eta Eusko Labelen eskutik  antolaturiko pintxo-txotxa ez baitira faltako.

Informazio guztia hemen topatuko duzue: https://www.niktri.eus/events/iv-aia-orio-triatloia-2018-gazte-eta-helduak/

Animatu zaitezte!

talde argazkia

Have your say